Ni Naiz

rss Ezagutzera eman
Mª Dolores Etxano

María Dolores Etxano Ondarroan jaio zen 1968ko maiatzean eta ordutik aurrera “ia ia ez naiz hemendik mugitzen; baina ahal dudanean Bierzora joaten naiz, Ponferradara”, Mari Tere amaren herrira. “Gure lekuak ezagutzen eta maitatzen irakatsi digu. Hara noanean familiaz gozatzen dut, lurraz. Ni hainbat lekutakoa naiz; denetatik ikasten dut eta haietatik onena hartzen dut”. Maria Doloresen ezaugarririk nagusienak dira indarra eta hurbiltasuna; “zalantzarik barik emakume elkarrizketa zalea da eta defendatzen duen egitasmoarekin konprometitua” esan dute berataz ezagunek.

“Monjen ikastetxean eta Ondarroako institutuan ikasi ondoren” Maria Doloresek enpresa zientziak ikasi zituen eta hori ikasi zuen EHU-UPVren Sarrikoko fakultatean. Harrezkero ibilbide luze eta zabala egin du enpresa pribatuan eta publikoan. Bere lehen lanpostua BBKn izan zen (“hiru hilabeteko kontratua” gogoratu du). Gero, Komertzio Bankura igaro zen eta Administrazioko arduraduna izan zen Markinako Dentici Kontserba lantegian. “Denticin bederatzi urte eman nituen. Kontserbera hau oso lantegi zaharra zen eta europar araudira egokitu beharra zegoen, lan taldean eginiko lana izan zen, lan handia, esker onekoa”. 2001 urtetik aurrera Maria Dolores Administrazio Arduraduna da Bizkaiko Tutoretza Institutuan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailaren ardurapean dagoena. 15 urte hauetako onena izan da “arlo profesionaletatik aberastu egin naizela pertsonen bizimodua hobetzeko eta, ibilbide honetako onena, zalantzarik gabe, lankideekin eginiko lana”.

Etxanok ibilbide luzea egin du udal esparruan ere. Izan erre, oposizioko zinegotzi jeltzalea izan zen 1999-2003 legealdian; gero, 2003-2007 legealdian, Udalaren gobernuan EAJ-PNV zegoenean alkateorde izan zen eta Berdintasun eta Pertsonal batzordeak zuzendu zituen. Halaber, 2012 eta 2015 urte bitartean Ondarroako Uri Buru Batzarraren presidentea izan da eta gaur egun Alderdiaren bozeramailea da bere herriko Udalean.

Maria Doloresek EAJ-PNVrekiko daukan harremana “duela hainbat urte hasi zen”. “Neure burua gogoratzen dut, 11 urterekin, Batzokiko terrazan koadrilarekin ‘Huesito’ txokolateak jaten eta han egiten genituen txokolatadetan” gogoratzen du. Horren ondoren etorri ziren kanpaldiak, Alderdi Egunak, Aste Santuak Isaban, “Ondarroako jaietan sukaldeko txandan laguntzen eta Batzokian mahaietan zerbitzatzen...”. Irribarreka gogoratu du institutuan zegoenean ere Alderdiaren alde lan egiteak “bronkaren batetik” libratu zuela.

Maria Dolores ezkondua da eta familiaz, lagunez eta herriaz disfrutatzea da “gehien gustatzen zaidana”. Herritik paseatzea eta kresala arnastea, itsasoari begira egotea eta Geure Abixi elkartean marmitako edo bokarta ederrak jatea, preziorik ez duten gauzak dira. Hori eta lagunekin gozatzea. “Ez gara asko, baina oso elkartuta gaude, ondo konpontzen gara, eztabaidatu egiten dugu eta ikuspuntu ezberdinak ditugu, eta horrek ere balio dit iritzi ezberdinak ezagutzeko, gauzak hainbat ikuspuntutik ulertzeko”. Maria Dolores oso konprometituta dago berdintasun politikekin eta bere agendan beti dago egiazko berdintasuna eta emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko gairen bat.

Abenduaren 20ko hauteskundeetan Bizkaiko senatari hautatua izan ostean, Maria Doloresek oso argi dauka “gorenean” ahaleginduko dela “Euskadiren interesak defendatzeko eta herri honetako herritar guztien bizimodua hobetzeko”.

No a la violencia contra las mujeres
Alderdi Eguna 2017